XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MAGOEI ESKUTITZA Meltxor, Gaspar eta Baltasar: Hogeitemeretzi bider dira aurtengoko honekin ohizko eskubidea egin dizuedala.

Zuek badakizue nik beti zintzo jokatu dudala eta gure lurralde hauetan zuei lehiakide indartsu bat irten zaizuen arren Olentzerori nagokio, noski nik ez ditut haurtzaroko lagunak ahaztu.

Zuek eta zuen mezulari leiala duzuen Bizarzuri jatorrak ez diguzue nire adinekoei hutsik egin.

Aspaldiko adiskideak gara; ongi gogoratuko duzue, aurrena nire etxeko balkoian zuen morroiek eskaileretatik igoz zer ekarriko zidaten zai egonez, eta gero kabalgatan zuzilariarena eginez, beti-beti zuen ondoan izan nauzue.

Zuentzako nire hogetemeretzigarren eskutitz honetan erabateko aldaketa nabarituko duzue nire planteamenduetan.

Ikus dezakezuenez, ez dizuet ezer ekar diezadazuen eskatzen; alderantziz, oraingoan ekarri beharrean eraman dezazuen erregutu nahi nizueke.

Ez, ez naiz erotu; hori uste dut, behintzat.

Eskutitza irakurtzen jarraitu eta zuek ikusi ea posible ote den aurtengo eskariari erantzun zuzena ematea.

Lehenik eta behin, orain dela urtebete gure Herriarentzat eskatu nizuen zoriona ez dela hemendik igaro aitortu behar dizuet.

Bere ordez, nahigabea izan da nagusi.

Eta hori, berez, aski da zuen gameluen zorroetan sartu eta berriz Iluntasuneko Erresumetara eraman dezazuen.

Beraz, arren, eroan gugandik zama itzel hori.

Baina, zoritxarreko egoera sorterazten duenaz jabe zaitezten, zerrenda txiki bat egingo dizuet; apunta ezazue.

Euskaldunen arteko bizimodu normala ezinezko bihurtzen duten eragozpen guztiak (agian, Setien gotzaiaren azken idazkia irakurri beharko zenukete); gau eta egun hainbat eta hainbat senditara oinazea dakarren droga; aurreko horren eragilerik zuzenenetakoa den langabezia; gure gizarteak bere osotasunean dituen arazoei aurre egiteko dagoen sentsibilitaterik eza; moral eta etika-baloreen galera jarraia; diruaren gero eta erakarpen handiagoa; utopien deskalifikapena; nortasunaren ahulezia; dogmatismoa;....

Badakit lan asko suposatzen duela izurri guzti horiek gugandik eroateak baina esfortzuak ongi mereziko luke.

Azkenik, xamurragoak litezkeen proposamenak egin nahi nizkizueke.

Eraman betiko: erreka eta ibaietako kutsadura; hiriak zementoz estaltzeko gure agintarien gogo asezina; mundua, lodi-argal, kirolzale-nagi, erretzaile-ezerretzaile, garai-behe... klasifikatzeko ohitura alua, eta abar.

Aurten entzungor egingo ez duzuelako, nire eskerrona. Josemari Velez de Mendizabal.